XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. Alkatxofa.

Orriburu deritxoe euskeraz, orburu Iztueta zaldibiarrak.

Landa naiz zelaietako txori-bedarra lakoa da, edozein lekutan aurkitzen dana.

Leenago bedar bat besterik ez zenduana ortuari biurtua daukazu gaur; dala bedarra, dala ortuaria, beti aintzakotzat artua izan dala aurtortu bear: euskal soloetan be, XVI'garren gizaldian asita, piz-eragille ta lizun-irrits bizkortzaille lez euki eben bedarki au; gerora, XX'garren mende onen leenengoetan, ospe aundia jadetsi euskun, frantses osalari batzuk beronen onura, garrantzi ta on-gaitasunak zabal-azo zituezanean.

Gure ortuetan ondo datorren barazki onen buru-lorea jaten da.

Tamaiñu aundiko burua dozu geienez, mamintsua, jateko ona, sukaldeko berbetan orri izena artzen daben kosko berakatzatalen antzekoz esitua nunbait.

Osto zabalak daukoz, naiko banaturik, kirtenari dautsoela.

Eta auxe da, ain zuzen, medizinan erabilten dana.

Udan loratzen da orriburua.

Kirten eusgarria zildu egiten jako platertxo lodi bat eratzeraiño; emen erneten dira bioleta kolorezko lorak.

Kukuillu ta lore bakun biak egin dagie ortuari onen aokadarik leun gozoena.

Alkatxofa samurrak gaur gordiñik jaten dabez leku askotan, orio ta gatz apur batez, adabatu ta gerturik.

Orri latzagoak be jaten dira, egosita; irakiten euki diranen ura, alan be, ez da jaurti bear, metal-gatzetan aberatsa bait jatzu, eta saldeari erantsiteko guztiz ona.

Osagarri lez ainbat gaixo uxatzeko erabilli oi da barazki au.

Eragin aundia dau gibeleko min eta gatxetan, beazunari jarioa emoteko ez da txarra ta.

Garnuki edo urearen kalterako be ona dozu; bardin kolesterola, este-aunditze, ezuri ta olakoetarako be.

Indar bardiña dau barrua eta batez be puxika garbitzeko.

Egosi-ala jan ezik ezta ona, toxina ta zitalak sortzen ditulako.